miércoles, 3 de febrero de 2016

DEKLINABIDEA: MUGAGABEA

MUGAGABEA


Deklinabide tauletan, izen arruntentzat hiru aukera agertzen dira deklinabide kasu bakoitzerako: singularra, plurala eta mugagabea. Hona hemen NOREKIN kasuan, esaterako, aukera bakoitzari dagokion marka:


Singularra: jokalariarekin
Plurala: jokalariekin
Mugagabea: jokalarirekin


Honela, izenaren erreferentzia egiazko munduan zehaztea lortzen dugu. Jokalari jakinei buruz hitz egin nahi badugu, singularra edo plurala erabiliko dugu. Eta, alderantziz, zehaztugabeko jokalariei buruz hitz egiten badugu, mugagabea erabiliko dugu. Adibidez:


Singularra


            Arbitroa penaltia jaurti behar duen jokalariarekin ari da hizketan.


Jokalariarekin hitzak jokalari ezagun eta zehatz bati egiten dio erreferentzia: penaltia jaurti behar duenari.


Plurala


Entrenatzailea taldeko jokalariekin ari da hizketan.


Jokalariekin hitzak jokalari ezagun eta zehatz batzuei egiten die erreferentzia: taldea osatzen duten jokalariei.


Mugagabea


Kazetariek zenbait jokalarirekin hitz egin dute.


Jokalarirekin hitzak aurretik ezagutzen edo aipatu ez diren jokalari batzuei egiten die erreferentzia: zehaztu edo mugatu gabeko jokalari batzuez ari gara.


Noiz erabiltzen da mugagabea?


Praktikan, izen arrunt bati deklinabide marka ezarri behar zaionean, singularrekoa edo pluralekoa ezartzen zaio, kontrako arrazoirik ez den bitartean. Beraz, mugagabea zenbait egoera berezitan besterik ez da erabiltzen.


  • Zer, zein eta zenbat galdetzaileekin:


Zer ordutan etorriko zara?
Zein liburutan aurkitu duzu?
Zenbat lerro idatzi behar ditugu?


  • Asko, gutxi, zenbait, hainbat, hainbeste, gehiago, gutxiago... zenbatzaileekin eta edozein nolakotzailearekin:


Herri askotan daude jaiak sasoi honetan.
Zenbait ikasleri asko kostatu zaie hau ulertzea.
Umeak edozein ezezaguni zabaltzen dio atea.


  • Zenbakiekin (beharrezkoa denean):


Zenbakiekin batzuetan mugagabea erabiltzen da eta beste batzuetan plurala (bat zenbakiaren kasuan singularra), baina esanahi ezberdinekin. Honela bada, esanahi ezberdina dute ondorengo esaldiek:


Hiru ikasle gaixorik daude.
Euskara ematen duten hiru irakasleak gaixorik daude.


Lehen esaldian hiru ikasle diogunean, beste askoren arteko hiru irakasle aipatzen dira. Irakasle hauek ez ditugu ezaguntzat ematen, lehendabiziko aldiz aipatzen dira eta edozein irakasle izan daitezke.


Bigarren esaldian, berriz, hiru irakasleak diogunean, irakasle ezagunak dira. Hortaz:


    • Zenbakia + plurala = ezaguna edo aurretik aipatua
    • Zenbakia + mugagabea = ezezaguna edo lehenengoz aipatua


Bi dendatako kristalak hautsi dituzte lapurrek.
Hiru menditan antenak jarri dituzte.


  • Zenbait esamolde berezitan:


Leku-denborazko kasuetan deklinatzen direnean (NON, NORA, NONDIK...), zenbait hitzek mugagabea hartu ohi dute, batik bat zehaztu gabeko masa edo leku gisa hartzen direnean. Adibidez:


  • Ur, esne, ardo... hitzekin:
Uretara joan da. / Uretatik dator.
Gaileta esnetara jausi zait.
Ogia ardotan busti.


  • Elur, belar, su, ke, argi... hitzekin:
Gurasoak elurretara joan dira.
Jolastorduan belarretan etzan gara.
Gutuna sutara bota du.
Anaia sutan jarri da.
Eguzkitako betaurrekoak behar ditugu.


  • Esker, eskuin, leku, toki... hitzekin:
Hortik ezkerretara jo behar duzu.
Lekutara joan zara egunkaria erostera!
Tokitan dago Pekin!


  • Modua adierazten duten zenbait esapidetan:
Umea lotan dago.
Zurekin zorretan nago.
Ametsetan dago.


  • Bizitzaren aroak adierazten dituzten ume, txiki, gazte... bezalako hitzekin.
Umetatik dakit hori.
Gaztetan egon nintzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario